XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurtengo euskal eskolen eguna Laudion.

Apirilaren 25ean bostgarren Euskal Eskolen Eguna ospatuko da Laudion, Nafarroakoa Leitzan lehenengoa ospatu zenetik, Gipuzkoan, Bizkaian eta Iparraldean ospatu da AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak) eraturik.

Aurtengoa Araban (Laudion) ospatuko da.

Euskal Eskolen Egunak, jai giroan murgildurik, euskal giroa zabaldu nahi du eta euskara ikasteko gogoa sortu Euskal Herrian bizi direnengan.

AEK sorreratik egon da Euskal Herrian bizi diren guztien zerbitzuan eta euskara ikasi nahi izan duten guztiengana zabaldurik.

Gehiago oraindik, euskara-ikasleek eta irakasleek sortu eta indartu dute AEK, Euskal Herriak sasoi bakoitzean bizi izan duen egoera ezarriz.

Euskaldun izan eta bizi nahiak bultzatu ditu euskara-ikasle eta irakasleak AEK erakundetzera eta Euskal Herri osotik zehar hedatzera.

Ari-naiztarren kopurua gehituz zihoala ikusirik, euskara irakaskuntzan sakondu zuen, plaga hori deusezteko behar ziren neurriak jarriz.

Horretarako, euskara irakaskuntzan expresoki sakonduko zuen talde didaktikoa bultzatu zuen, bere sasoian inbertsiorik haundienak horretan eginik.

Euskal Herria osoki hartzen du AEK-k, Euskal Herri batua hitzez, baina banatua egitez aldarrikatu dutenei kasurik egin gabe, bere helburua Euskal Herria alfabetatzea eta euskalduntzea delako eta eradundea zazpi herrialdeetan finkatzeko bideak urratu eta zabaldu ditu.

Gaurregun irakaskuntza eta eraketa berdintsua dago zazpi Euskal Herrietan Asanblada eta Batzorde nazionalek erabakitzea duten arauera jokatuz.

Euskal hiztun asko atera nahi du AEK-k; ez, ordea, euskara asko dakitenak baina euskararik egiten ez dutenak.

Gainera epe laburrean atera nahi ditu euskal hiztun asko, euskararen bilakaera, orainarte bezala ahulduz joan beharrean indartuz joan dadin.

Horregatik eskatzen ditu euskararen plangintza orokorra Euskal Herri osorako, komunikabide euskaldunak, lege egokiak, kalea euskaldunduz joatea.

Euskara duen herriari horregatik eskatzen dio bere hizkuntza bere inguruko guztiei trasmitatzeko, euskararen ekintzaile izateko, Euskal Herriak duen baliorik haundienetarikoa ezer kostatu gabe, heredentziaz, hartu duelako, milaka eta milaka egonik Euskal Herrian suerte hori eduki ez dutenak.

Euskararen berreskuratzea, Euskal Herria berreuskalduntzea alegia, lan kolektiboa da eta zaila gainera.

Lan hau aurrera ateratzen herriak parte har dezan, proiekto interesgarri bat eskaini behar diogu: bestela herriak uko egingo dio.

Herriak gogor asumituko duen proiekto hori asmatzen ahalegindu da AEK-k azken urteetan, AEK-k bere alternatiban herri dinamika eta jestiogintza demokratikoa jartzen ditu nahi-ta-nahiezko gauzatzat.

Bi gauza hauek gaberik ezingo delako Euskal Herria euskaldundu.

Ikaselkarteak, bada, funtzesko zeregina du AEK-ren barruan.

Euskararen alternatiba hau erreal bihur dadin AEK-k publikotasuna eskatzen die berarentzat erakunde publikoei eta herriaren diruaz ordainduak izatea AEK-en egiten dituztenen ikasketak.

Apirilaren 25ean hauxe erreibindikatuko da Laudion Euskal Eskolen Egunean, eta horrela pentsatzen duzuen guztioi Laudiora etortzera eskatzen zaizue. Julen Kalzada.